2015.02.02
Ikastola batean irakasle naiz. Aurten, 4 urteko gelan. Hemeretzi lagun; horietariko 10 mutil izendatuak, eta beste 9 neska izendatuak. Estilo askotariko haurrak dira. Gustu, gogo eta behar anitz dituztenak. Adinak batzen ditu eskolan. Rock musika jartzen dudanean, mutil izendatuek, euren energia askatzean gelako espazio osoa hartzen dute. Ingurukoak bultzatuz eta kolpatuz, mugimendu kontrolaezinak azalarazten dituzte. Horien artean neska izendatu bakarra dago. Beste zortziak, mahai inguruan esertzen dira, txaloak eginez, mutil izendatu eta neska izendatu bakarraren dantza ikusten, animatzen. Mutil izendatuak harro, handi, energiaz beteak. Neska izendatuak, irriz baina eutsirik, bere burua neurtzen, besteenak aitortzen. Bost egunetan zehar errepikatu zen egoera hori. Inertziaren korronteren batek bideratuta omen. Neska izendatu horiekin hitz egin nuen azken saioan. Dantza egin nahi al zuten galdetu. “Baaaaai!” sendo batez erantzun zuten. “Zergatik ez zarete ba mahaitik jaisten, eta beste lagunekin dantza egiten?”, esan nien. “Jo egiten dutelako”, batek. “Borroketan daudelako”, besteak. “Mutilak bakarrik daudelako”, hurrengoak. “Ez nekien ni ere atera nintekeenik”, azkenak.
Dantzan ari zen taldea deitu nuen —10 mutil izendatuez eta neska izendatu bakarraz osatutakoa—, eta guztiak borobil handi batean bildu. Haur bakoitzak bere gogoa, nahia, sentimena azaldu zuen taldean. Eta azkenik, gelan sorturiko egoera horri konponbide bat bilatu behar geniola esan. Haur askok aukera zenbait proposatu zituzten. Dantzatu ez zuen taldeari bere lekua egitea proposatu zuten gehienek. Oraindik dantza egin ez zutenei aukera ematea proposatu nuen nik, kanta bat dantzatzea soilik 8 neska izendatuez osatutako talde hark. Beraien beharrak lotsak eta nahiak espazioan nola adierazten zituzten ikusteko irrikaz bainengoen. Halaxe egin ere. Neska izendatuak pozik, harro, handi, energiaz beteak. Eta mutil izendatuak (eta eurekin dantzara ausartu zen neska izendatu bakarra) oihuka, lagunak animatuz, ikusten, lagunen dantza aitortzen.
“Orain, guztiok batera egingo al dugu dantza?”. “Baaaai!”.
Guztion beharrak, gogoak eta nahiak present edukiz espazio berri bat sortu dugu oraingoan geure gelan.
Inertzia korronteak hausterik badela ulertu dut. Guztiona behar du nahiak! Guztiona da erantzukizuna!