2014.12.23
Normalizazioa, aukera berdintasuna bermatua dugunean eta gure lanaren aitortza antzeko irizpide eta parametroen arabera egitean etorriko da; eta ez sozialki emakumeen presentzia azaleratze hutsagatik. Hauxe bera, normalizaziorako bidea izan litekeen arren, ez ditugu inolaz ere, urte hauetan guztietan itzalean egon diren/garen emakume musikariak ahaztu behar. Gurean bada, azken urteotan emakume musikaria ikusgarri egiteko mugimendua. Nahia. Beharra. Eta sozialki begiak non trinkotu esaten zaigunean, eta ordura arte itzalekoak zirenak argitzen diren arren, ez du egon ez direnik esan nahi. Ezta ere, daudenak egote hutsagatik, kopuruan deigarri egiten zaizkigulako akaso, normalizazio garaian gaudenik. Ez; musika munduan gauden emakumeok, oraindik ere, gure lanen, sormenen, lekuen, jarreren eta gorputzen aldarrian egon behar izaten garenean. Ez, oraindik ere, gure izate musikariaren gainetik, emakume garela ikusten denean. Eta emakume musikariak egon bagaudela aitor dadin, elkarrizketez gain, hausnarketa orotik haratago, behar den lekuetan aintzakotzat hartzea ahazten denean. Kontzertuetan.
Azken urteotan aipatuak diren emakume talde askoren ibilbide musikala luzea da, orain ikusgarri egiten ditugun arren; ez ditzagun ahaztu; Alaitz eta Maider (1989), Hemendik at! (1995); Humus (oraindik bere bosgarren lana defendatzen ari da), Afrika (1993- oraindik musikan); Anorexia (orain NX), Jauko Barik (1998- 2012tik ONen), Keike (2002), Kashbad (1990), Lisabö (1998-orain Jupiter Jon-en), Anari (1997; lau disko soinean eta oraindik ere musika munduan murgildurik), Gose (2004-bost disko kaleratuak eta azkenekoa gogor defendatzen aurten), etabar oso luze bat… eta zer esanik ez, 60ko hamarkadatik aurrera kantuari loturiko bakarlariak (Maite Idirin, Lourdes Iriondo…).
Begiratu azkar batean; Euskal Herriko jaialdi handietan geldiune txiki bat eginez, Bonberenea Sutan (Glaukoma, Gose, Berri Txarrak, Gas Drummers, Matxura), Musikazuzenean jaialdia 2014 (Willis Drummond, Tutan Come On, Borrokan), Pikurock 2013 (Hamlet, Def con Dos, Gatibu, Lin Ton Taun, Tximeleta), Hatortxurock 2013 (El Trono de Judas, Flitter, Glaukoma, Governors, Kaotiko, La Raíz, Nos Servium, Obrint Pas, Skakeitan), Kalerarock (Esne Beltza, Reincidentes, Gose, Urtz, Kauta, Boikot, Itziarren Semeak, Ze Esatek!, Arkada Social, Trikizio, McOnak), EHZuzenean, Donostiako Piratak (3gabe2, Gus Van Sound, Doctor Deseo, El Txef A, Arkada Social, Bad Sound System, Berri Txarrak, Dubmatix, Esne Beltza, La Gossa Sorda, Les Alsborregach, Las Tea Party, South Central, El hijo de la Marily, Nonames, Zea Mays, Telmo Trenor, Dj Food, Kashbad, Gatibu, DJP3Z, Glaukoma); Hatortxurock 2014 (Talco, Esne Beltza, Kashbad, Narco, Aspencat, Vendetta, Hesian, Arkada Social, Kop, Izerdi Gorria, Estricalla).
Erakusleiho garrantzitsu diren kontzertu handietan, emakumeen presentzia ez da orekatua izaten. Esate baterako, artista desberdinak batu zituen musikazuzenean egitasmoaren aldeko saio akustikoa: Koldo Soret, Imano Ubeda, Zaloa Urain, Gorka Urbizu, Joseba Baleztena, Ain_1, La Jodedera, Okene Obrego, Igor Arzuaga & Luis Vil, Gaizka Insunza, Tono Muro, Xabi Solano + Dj.
Aurrekoa zerrenda bat besterik ez den arren, ez gaudela normalizazio garaian argi adierazten duen argazkia iruditzen zait.
Asmoa, kontzientzia eta gogoa ezinbestekoak! Eredu gehiago egon badaude, baina jakinik horien eragina zein den, jaialdi bat antolatzean edo musika-dinamika gehienetan ez dut nik behintzat aldaketa ikaragarria sumatu. Adibidez, tabernetako musikan, edo jai-guneetako musikan… ariketa hori egin izan dugu lagunen artean, eta batzuetan gertatu izan zaigu orduak pasatzea gizonezkoz bakarrik osaturiko taldeen musika entzuten… nire inguru hurbilean behintzat… Egongo da bestelako dinamikarik, ziur.
Gainera, erreferente ez da norbait oholtza gainean egoteagatik bakarrik, eszenara igota espazio sozial bat hartzen duzu, eta ongi dago hori, “agertokiak geure egin” behar ditugu, Leire Lopez Ziluagak esan bezala. Baina, erreferente bilakatzeko, gizarte-dinamikak ere egon behar dute, musikaren inguruko diskurtsoak, eta abar… agian esparru horretan sumatzen ditut kontuak ahulago.
Bestalde, kontuan hartu behar dugu musikariak ez gaudela bakarrik musika-eszenan, eta elkarlanean aritzen garela teknikariekin, kontzertu-antolatzaileekin… Esparru horietan, rockaren munduan behintzat, ez da emakumeen presentzia askorik handitu.
Asmoa eta gogoa badago, egun Interneten laguntzaz erraz topa daitezkeelako emakume musikariez osaturiko taldeak (www.emarock.com; www.badok.info) eta jarrera mediatikoa bata den arren jarrera kolektiboan ez dut halako kontzientziarik sentitu. Berdintasunaren bidean horrelako hausnarketak beharrezkoak, ezinbestekoak dira bai, baina ez al gaituzte desberdin egiten? Musikariaren identitatearen aurretik emakumearena hanpatzen? Hori al dugu bide? Aldarri?
(Gara egunkarian, 2014ko abenduaren 7an argitaratutako artikulua)