BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2014.11.05

Juan Gorostidi

Imanol Larzabal, hamar urtez atzeratu den hileta

Joan den udan ETBk eskaini zuen Imanol Larzabali buruzko dokumentalaren ondoren, bi inpresio jaso nituen batera: lehena, “bere hurbilekoak entzunda, zauriak zabalik dirau”; bigarrena, “hamar urte behar izan dira halakoetan egin ohi dena egin ahal izateko, hau da, bere hurbilekoenei, familiakoei, lagun minei edo musikari lankideei ahotsa emateko, haiek izan ohi baitira ezinbesteko lekukotasunak ondorengo gogoeten oinarri izan daitezen”. Aitzitik, Imanolen ibilbide gatazkatsuagatik, antza, ez ziren izan hurbilenekoak hitza hartzen lehenak bera hil ondoren, distantzia batera geundenak baizik.

Captura de pantalla 2014-06-27 a la(s) 00.55.00

Jakina da hurbilenekoei behar den distantzia falta ohi zaiela ur zaurgarrietan murgiltzeko. Doluaren funtzioetako bat baldin bada zorrak kitatzea gertakari traumatikoak sortzen duen bidegabekeriaren bizipenarekin, eta nire inpresioa egokia bada, lan zaila izan da Imanolen ingurukoenen kasuan. Zer gertatzen da horren ordez? Kontradikzioz eta kontrastez betetako ibilbide bat berdintzera eta sinplifikatzera jotzen dela, norberarentzat problematikoak ez diren ziurtasunekin geratzeko, tragediaren zioa guztiz kanpoan utziz.

Alderdi “humanoak” azpimarratzen dira, idealei loturikoak, “bere askatasun egarria” edo eskuzabaltasuna; “Imanol ona zen, onegia agian gure gizarterako”, esaterako. Edo bere dohain artistikoak: ahots sakon eta ederra, melodiarako gaitasuna… Hauek denak egiatzat hartuta ere, norbere kontsolamenduaren mesederako baino ez dira; ezer gutxirako balio dute gizonaren patu tragikoa ulertzeko. “Oso krudelak izan ziren berarekin, berak aldarrikatzen zuen askatasunez lan egin zuelako” eta antzeko baieztapenek ez dute gehiegi laguntzen ibilbide korapilatsu bat ulertu edo korapilo haiek gure baitan askatu ahal izateko. Baieztapen horiek badutelako ifrentzu bat, alde humanoan nahiz artistikoan: “ontasun” hori ez dugulako gratifikazio premiarik gabe gauzatzen; inguruko jakin batzuen krudelkeria norbere auto-suntsipenarekin osatzen delako. Edo ekarpen musikal eder bat izan litekeelako aldi berean kontserbadorea oso…

Arazo korapilatsu hauei aurre egin ezinean, beste bide bat ere aukeratzen da: hildakoaren bizitzaren zati batean azaleratu zen alderdi batekin geratzen gara: izan frankismoaren aurkako engaiamendu erradikala (“gainontzeko kantarien metafora epelak bere arriskuaren eta zuzentasunaren aurrean…”), izan jazarpenaren kontrako posizio salatari aitzindaria (Yoyesen hilketa salatzerakoan, ondoren etorriko zen “Beldurraren kontrako” kontzertuaren egokitasun zalantzazkoan…). Egia edo Arrazoia besteak baliogabetzeko arma bezala erabiltzea modu absolutu batean, hori guztia probetxu eskaseko kontua da, Imanolena bezalako ibilbide batean denok aurkitzen dugulako deseroso egiten zaigun zerbait, eta horri erreparatzea izan litekeelako bere memoriara enpatiaz hurbiltzeko egin genezakeen ariketarik baliagarriena.

Azaroaren 8an eta abenduaren 7an Donostian egingo zaizkion kontzertuak izango dira ziurrenik haren omenezko azken ekitaldi publikoak. Orain arteko gehienek gehiago izan dute pribatutik, edo sozialki eta politikoki interesatuegiak izan dira. ETBko dokumentalean bezala, atzerapen handiz bada ere, bete beharreko hutsune bat osatuko dute. Aldi berean, hala ere, ahulezia kolektibo nabarmen batzuen erakusle izango dira, Imanolen kasua oro har hartuta: kritika zintzoa egiteko dugun ikararena, edo komunikazio publikorako ahuleziarena; maila guztietako sektakerien haziak eta hauen etengabeko elikagarri.

Imanol askatasunaren pausoak

Imanolen 1972ko diskorako Antoni Tapiesen margolana.

Estimatzen dugun kultur gizon edo emakume bat hiltzen zaigunean ez dugu zerura edo infernura bidaltzen. Lehenera, hartan sinesten ez dugulako, eta bigarrenera, horretarako nahikoa dugulako bizitza. Halakoetan, eta Imanolen kasuan hamar urteko purgatorioan utzi ondoren, linbora bidaltzen dugu, eremu lanbrotsu eta aseptiko horretara. Linboaren eremu hotz horretatik bidaltzen dizkiguten seinale gero eta urrunagoekin elikatuko ditugu gure sentimendu eramangarrienak, eta, gogoan gordetzen ditugun heinean, bere ekarpen artistiko interesgarrienak indargabetuak geratuko dira erabat. Hildako kantari enblematikoenen kasuan, aski da gehien gogoratzen ditugun kantuei erreparatzea, konturatzeko ezen haiek berek azken urteetan ibilbide oso bat laburbiltzeko egin zituztenen aldean guztiz bestelakoak direla –gogoratu Xabier Leteren edo Laboaren kasuak, urrutirago joan gabe.

Irudipena dut Imanolek argitaratu zuen azken diskoaren minean dagoela bere azken hitza (2002ko Versos Encendidos hartan), erdarazko hamabi piezen artean tartekatu zituen hiru euskarazkoen esanguran hain justu, eta uste dut mereziko zukeela disko hori eta kantu haiek egunotan berrentzutea. Bi dira Lizardiren hitzekin ondutakoak (“Zer goibeltzen zaitu, maitea, arratsero?” galdetuz abiatzen den Arras gorri, eta Mendi gaina –Lizardi bilakatu zen azken Imanolen euskal poeta?–), eta Barne Bidea kantuan, berriz, Arestiren hitz hauekin tartekatuak —“Ez naiz kejatu nire denporan / ez dut egundo esan ai / zeru azpiko aldian ez dut / inoren kalte izan nahi”—, Leteren hauek azaltzen zaizkigu: “barne bideak hain bihurriak / argitzen dizkit gau isilak /argitzen dizkit loaren mugan / paranoiaren amets beltzak…”.

Badirudi Imanolen azken hitzek ez dutela oraino esanahirik galdu.

(Berria egunkarian, 2014ko azaroaren 2an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:Imanol