BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2017.10.16

Juan Gorostidi

Bi mendetan zeharreko metamorfosia

Arrazoi zehatzik gabe gertatzen zait batzuetan: musika ekoizpen uholdearen artean batekin edo besterekin geratzen naiz haren bakantasunean tratatu ahal izateko. Horixe suertatu zait uda honetan ere: bi disko jaso ditut batera, itxuraz batere zerikusirik ez dutenak haien artean, baina lotuta daudenak halere, eta behin eta berriz entzun ditut eskaintzen didaten mezua ulertu nahiz. Biak Baigorriko ZTK Diskak zigiluak plazaratuak dira, eta bietan ageri da Pantxix Bidarten partea. Gure etxen badira… du izena batek, 2015ean grabatua, eta Metamorfosia besteak, Maiatz argitaletxeak 2016ean plazaratutako Jos Roy poetaren Balea izeneko liburua oinarri duena (frantsesez, originalean, eta Lucien Etxezaharretak euskaratua).

Balea liburuan ageri diren berrogei poemetatik zazpi aukeratu ditu Bidartek musikatu eta kantatzeko, Alexis Therain gitarrista bikainarekin batera. Poema errezitaldi baterako prestatuak dirudite, poemen indarra eta nahia ageriago uzten dituen zubi-lana eginez sortua baita kantua. Baina, “kantuak” al dira? Bati baino gehiagori piztuko zaio galdera hau pieza horiek entzundakoan. Zer da, bada, kantu bat? Modu zabalenean hartuz gero, hitz esanaren eta oihuaren artean dagoen guztia izan liteke hori, baina kantuari dagokion leku gehiena oso modu estereotipatuan indartu den formula batek betetzen du: hitz errimatuak, lelo-errepikak eta mezu zuzen eta sinpleak biltzen dituen formulak. Azken elementu horri erreparatuz, oso urruti geratzen da Metamorfosia lanaren eredua, poema librea baita nagusitzen dena eta musikak ez baitu erraztasun handiegirik ematen hitzak nahiz melodiak gogoan atxikita gera daitezen. Zehatzago esanda, hurbilago dago jazzaren konposizio-metodologiatik, melodia zati bat lelo gisa baliatu, eta horren haritik zati inprobisatuak tartekatzen baitira.

Bide bihurriak dira hitzez eta doinuz ematen zaizkigunak lan horretan, iradokitzaileak bezain iheskorrak, poemetan dagoen giro urduriaz gure entzumena blaituz: “Ulertazue ongi larrialdi bat dela zeren / heriotzak bere buruan sinetsi du gure doblea dela &/ baleak itotzen direla &/ munduek –ene seme maite–/ elgarri tripak egiten dituztela denboraz & herraz…”, dio bi aldiz diskoan musikatua den poemak. Ez dago kontzesio melodikorik, ezta instrumentazioan ere. Therainen gitarrak hitzek bezainbat kolpatzen du entzumena, eta gozotzat hartuko ez dugun zerbait apurka irensteko gonbitea egiten digu.

Gure etxen badira… lana, berriz, kopla eta bertso sorta zaharrez dago osatua erabat, XIX. mendean edo XX.aren hasieran bildutakoak; irratiaren eta diskoen grabazioen eztanda gertatu aurrekoak, “oso aspaldikoak” alegia. Agerikoa da gurean ezohiko arrakasta izan dutela “kantu zaharrez” osaturiko lanek, joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera diskoa formatu arrunta bihurtu zenetik, musika zabaldu eta entzuteko. Abangoardian saiatzen ziren eta direnen artean ere, askok gordailu zaharretara jotzen dute maiz, Laboaren belaunaldikoak kantu haiekin liluratuta geratu zirenetik. Asko zabaldu dira, bai, kantu eta kopla zaharrak, baina zer dute horiek garaikidetasunetik, behin eta berriz haiengana jotzeko eta joera hori justifikatzeko neurrian? Marie Bidartek, Mirentxu Agerrek eta Pantxix Bidartek egin duten saiakeran galdera hauen erantzuteko intentzio argia agertzen da, eta horregatik gaiari bere orokortasunean heltzeko aukera eskaintzen digutela uste dut. «Modernoentzat, tradizionalegiak izanen gara, eta tradiziozaleentzat, modernoegiak» zioten, besteak beste, BERRIAko elkarrizketan. Tradizionalak dira molde zaharrei jarraitzen dietelako hitzetan, errimetan edo melodietan; baina egungo batek bere erara interpretatzeko hartuko lituzkeen moldeak beldurrik gabe erabiliz –eta batez ere 70eko hamarkadako rock musikak kantagintzan ekarri zuen iraultza onarturik–. Bistakoa da hori tratamendu erritmikoetan eta instrumentazioan, eta baita une batez Deep Purple bezalako talde bati egiten zaion keinuan ere, “Child in Time” kantuaren txertaketa aproposean, “Gure etxen badira” bertso saioan. Kantu horrek “familia drama bat kontatzen du, sexu engainatzeak oinarri. Batek «gizatzar zunbaiteki pilaz gainkatürik» izatea leporatzen diola besteari. Besteak: «Oilo bat jan duñala jaun errejentareki». Eta zer dio “Child in Time”-k? “Sweet child in time / you’ll see the line / the line that’s drawn between / good and bad / see the blind man / shooting at the world / bullets flying / oh taking toll / if you’ve been bad” (“Garaiko haur gozoa, begira ezazu ongia eta gaitza bereizten duen lerroa. Begiratu gizon itsua tiroka munduan, balak airean, ordaina pagatzera behartuz gaiztoa izan bazara”). Keinuaz gain, askatasunak ahalbidetzen duen uztartze emankor batez ari gara: ez dago benetako mugarik “tradizioaren” eta “berrikuntzaren” artean. Ingelesezko estandar bat bertso sorta horretan txertatzerakoan, bi iturri horiek gurean duten egiazkotasuna aldarrikatzen da, baina baita uste baino hurbilago dauden bide ezkutuen gurutzaketa ere.

Geuretzat zahar diren kantu horien anbiguotasuna azpimarratzen da beti, denborak berarekin ekarri dituen aldaketen aldaerak neurtezinak bihurtzen zaizkigularik. Maiz, garaiko eduki misoginoak laudatzen dira, eta horrek zalantzak sorraraz ditzake: zein neurritan mantendu “originalen” gordintasuna? Baina hortxe egon liteke hain justu hautua: “kanta ditzagun kopla horiek, baina egin dezagun geure erara, kantuak sorrarazten dituen oihartzunak pizteko ahaleginean”. Eta horretarako, oso gutxik kontuan hartu duten beste gai bat begiratu beharra dago aurrera segi aitzin: «Nola noten bihurguneak hartzen zituzten gainetik, azpitik, eskuinetik edo ezkerretik…», Marie Bidarten hitzetan, kantu komertzialean –berdin izan “herrikoi” ala “kultu”– suertatu den era «arrunt formateatua» alboratuz. Zorioneko gara afera honek gaurkotasuna duelako gure musikari interesgarrienengan [1].

Behi Bideko Andere Xuriak

Mirentxu Agerre, Marie Bidart eta Pantxix Bidart, Behi Bideko Andere Xuriak.

Baina non geratzen da mundu horren berrinterpretazioaren eta Metamorfosia lanaren artean egon litekeen zubi-bidea? Kantatzen diren gaietara jo behar dugu lehenik hori erantzuteko, eta gai horiek tratatzeko izan duten bilakaerari begiratu behar. Baina, azaletik haratago, musikan nahiz kantaeran antzeman liteke askatasun aldarri bera, arestian aipatu formateatze komertzial hegemonikoa gainditzeko ahalegin nabaria. Gaiei dagokienez, bi aukeratuko nituzke lanok tratatzen dituztenen artean nagusi: amodioari loturikoak eta identitatearekin zerikusi zuzena dutenak. Amodioa da mundu zaharrean ia beste ezer ez duen horri geratzen zaion bizipen gizatiar bakarra, eta, maitasuna kantatzen duenean, bertan adierazten ditu bere sentipen sakonenak: “Ahal balitz ene begia zerraturik,/ Ene maite gaztearena argiturik,/ ezar niro ene odola ixuririk” (“Zelüko izarren bidea”). Eta Metamorfosia-n ere, maitasuna jarraitzen du ardatz izaten, belearen irudia metafora nagusi gisa hartuta haren ezina ala nostalgia irudikatzeko: “Amodio hi/tzez kan/poan bizi nahi /ginuke ene /maitale lurrak jun/tatu baina kanpoa iragan…” (“Amodio hi”) edo “Ferekatzen dut gure / larruak hunkitu gabe –balea beste nonbait da–/ noka mintzo natzaio baina ez da mugitzen –urrunegi–/ izpiritu & kantuzko lehengo mendi edo lanbro batuketaz bermoldatua” (“Ur bitxiak”).

Bigarren gaiari dagokionez, identitatea —“nor naiz” edo “zer nahi dut” galderei erantzun nahiz sortzen denarena, maitasunari estuki lotua, bestalde—, ageri da elkarrizketa moduan kantu zahar askotan, bizimodu berri baten bila Ameriketara joan nahi duenak geratu nahi duenarekin ezin ulertuan (“Juan gogo naiz…”) kasu, edo “Itsua eta sastrea”-k duten liskarretan. Ez al da auzi bera Metamorfosia-n agertzen zaigun gai nagusia? Aipatu dudan “Ulertazu ongi larrialdi bat dela” errepikatua ez da salbuespena: “Dentsitate ideala jarraitzen / des-dilindatuz zubiak & elemenia / jauzian aztaz azta / itsasoa zeharkatzen” (“Dentsitate ideala”). Halere, ezin azpimarratu gabe utzi kantu zahar haien eta egungo moldeetan adierazten direnen arteko distantzia eskerga. Lanbro artean edo gutxi batzuen arazoa zirudiena ez horren aspaldian –gehiengoari egokitu zitzaion patuari jarraitzea baino ez baitzitzaion bururatzen denbora zaharretan–, egun gehiengoari eta neurri handi batean norbanako isolatuari ezinbestean aurpegiratzen zaion galdera da. Esan genezake denboran oso urrunetik datorren kontua gurean azken berrehun urteko bilakaeran orokortu dela, eta, zentzu horretan, herri-kantuen adierazbideak izan duen bilakaerak balio digu aldaketa hori konfirmatzeko eta haren arrastoei jarraitzeko. Hari horri lotu behar euskara gaitzat hartuz XIX. mendetik egun arte zabaldu den joera. Mugimendu erromantikoak lagunduta, garai haietan piztu zen hizkuntza galtzeko arriskuaren kontzientzia, bere ondorio guztiekin. Gure etxen badira… lanean bada hasiera haietako adierazle nabarmena, Joxe Mari Iparragirreren Ez bedi galdu euskera sorta: “Beti euskeraz itz egin bada / oso zahar ta gazteak,/ esan ez dedin denok garela / euskaldun bihotz gabeak”. Metamorfosia-n, aldiz, askoz garaikideagoa eta unibertsalagoa egiten zaigun ikusmolde batetik heltzen zaio hizkuntzaren gaiari: “Ene jatorrizko mintzaira ez mintzatua / ez ulertua baina jatorrizkoa ene / halere zerumuga mintzaira / jabetuaren kontrapuntu birjina […] zer egin besterik lehen / kantuaz amoros delarik?”.

Metamorfosia-ren adierazpen poetiko eta musikalean ez da geratzen kantu zaharragoek erabiltzen zituzten makuluen arrastotik. Poema horiek ozen esan eta kantatu, eta, aldi berean, bertso eta kantu zaharrek duten indarra beretzat nahi duenak ezingo du “betikoak bailitzan” bezala tratatu, ondare arkeologiko huts gisa. Tentsio horren adierazle egin zait Gure etxen badira… eta Metamorfosia bata bestearen ondoan entzutea.

[1] Iparraldean batez ere, Zuberoan bizirik dirauen kantatzeko eraren eraginez (Marie Bidarten lanez gain, ikus Agustin Mendizabalen Iparraldeko herri-kantaera tradizionala. Intonazioa anbiguoa).

ETIKETAK:Alexis TherainBehi Baten Andere XuriakJoxe Mari IparragirreMaiatzMarie BidartMirentxu AgerrePantxix BidartZTK Diskak