BADOK BLOGA

Tooth

2018.02.05

Tooth

2. eguna

Tooth estudioan

Sei abestietatik lau grabatu ditu taldeak egun bakarrean.

Goizeko bederatziak jota, iratzargailuak ere berea egin du. Gosari arina hartu eta berriz ere estudioan sartu gara. Atzo prest utzitako soinu frogarekin, lehenengo abestiari ekin diogu. Oraindik giharrak gogortuta, giroan sartzea kostatu zaigu baina lortu dugu lehen abestiarekin bukatzea jan orduko (1-0). Bazkaria ere ez da asko luzatu, estudioko orduak aprobetxatzeko asmotan.

Bigarren abestiarekin bukatu dugunerako, Sarkor taldeko lagunak ere agertu dira estudioan bisitatxoa egiten. Beraien ikuspuntua adierazi eta barre artean eman dugu arratsaldea. Orduak aurrera joan ahala, gu ere nekatzen joan gara, baina proiektu honetan jarritako ilusioak aurrera egiteko indarra eman digu. Afal ordurako, goizean pentsatzen ez genuena egitea lortu dugu, 6 abestietatik 4 grabatuta jada! (4-0)

Afarian deskonexio tartea ere izan dugu. Barre artean, aspaldi igarotako istorioak gogoratu ditugu. Berriz ere, sabela beteta, estudioan sartu gara laugarren abestiaren edizioarekin. Hau bukatuta, diskoa itxiko duen abestiari ekin diogu. Besteekin alderatuz, abesti luze eta pisutsuagoa da. Honekin gaurkoz bukatutzat eman dugu grabazio saioa. Biharko egunean editatu eta azken abestia grabatzeko asmoarekin oheratu gara, pozik eta ilusioz.

ETIKETAK:DiskoakGrabazioakSarkorTooth