2014.05.29
Kantu bat norbaitek kantatua denean bizi da, eta, batez ere, ozen kantatua denean. Badira kantu batzuk bizirik dirautenak, beti dagoelako norbait bera xuxurlatzen edo intonatzen. Gurean horrelakorik balego, ez da dudarik, Laboaren “Txoria txori” litzateke. Hain egin da tolesgabe geurea, beti gaude prest kanpoko edozeini entzunarazteko eta kantarazteko. Baina, ba al dago dena erakusterik? Ba al du dagoeneko pudoreak –ahalkeak, lotsak– betekizunik?
Ez gaitezen, halere, aldez aurretik berotu. Ezen, aurreko galderei erantzun ahal izateko, gai izan beharko genuke benetan zer erakusten ari garen jakiteko, eta zenbait adibide ikusita, zalantza handiak sortzen zaizkit horri buruz.
“Txoria txori” kanta ederra da, zalantzarik ez, baina horrek soilik ez du bere fenomenoa esplikatzen. Denis Laborde etnologo ezagunak zabal jorratu du haren gaia L’homme qui s’adressait à chacun de nous. Txoria txori et l’invention sans cesse renouvelée du chant basque (“Gutako bakoitzari hitz egiten zion gizona. Txoria txori eta euskal kantuaren etengabeko asmakuntza”) lanean. Ezaugarri batzuk beharrezkoak dira halako fenomenoetan, eta horretaz dihardu Laborderen ikerketak: erraza behar du izan kantatzeko eta, batez ere, gure belarritik eztarrira doan bide hori –erraiak tarteko– inongo oztoporik gabe egiteko ahala ukan. Egia bada, eta hala uste dut, “talde bat erabateko inplizitutasuna duen soinu instalazioan bizi” dela, eta bertan entzuten denak eraginkorra izan behar duela taldearen partaidetza indartzeko, instalazio horrek ezinbesteko du “taldeak berezko dituen promesak bideratzeko adostasuna berrestea” (Sloterdijk)… Eta guk txoria dugu maite. Baina, zein txori? Eta, batez ere, nola maite dugu?
Galdera hauek erantzuteko gogoeta mamitsuetan barneratu beharrean, zuzenagoa iruditzen zait geure buruari erreparatzea txoria txori kantatzen ari garenean. Nola eta non kantatzen dugun antzematea, agerikoa baita egungo “gardentasunaren gizartean”, denen agerian egiten dugula, harro. Edo nola goxatzen ditugun geure barrenak modu ikusgarrian besteengandik entzutean. Horren adierazlerik nabarmenetakoa da Anne Etxegoienen azken bideo arrakastatsua. Haren “Hegoak” oso ikusia izan omen da, ez bakarrik gurean, baita Frantzia osoan ere (hala zioen behintzat El Diario Vasco-k), eta haren diskoa, Les Voix Basques, urrezkoa izatera iritsi omen (60.000 ale salduak, alajaina); zorionak.
Hendaiako itsas labar eta hondartza ikusgarria; alboka eta danbor hotsak airean lehen konpasetik. Gizon taldea muino berdean eta neskaren begi ameslariak zerura; arranoa hegan. Segundo erdiko planoak guztiak, publizitate eskolek agindu bezala; mezua subliminala behar du, ikusgarri bezain iheskorra, irudi talka soilak behin eta berriz errepikatuak. Musikak giro epikoa sortzen du, gizon ahots sarkorrak hondoa, emaztea urruti, iheskor. Ahots goxoa azkenik, gorriz beztituko neska xarmantaren ahotik: “Hegoak ebaki banizkion…”; gizon zailduen arrapostua gero: “Bainan horrela…”, bat eginik, finean. Paisaia eta irudiak behin eta berriz errepikatuak: itsas ertza airetik, gizonak beti taldean, zelaiak, neskaren soslai goxoa, mendiko gaztelu aztarnak, jauregiak, besoak hegan, berriz arranoa… Guztiok bat egingo dute azkenik, neska erdian, gizonak babesle: bere soineko gorria, xuria behar du orduan, elizaren aldarean baitaude. Gizonen lehen planoak berriro mendian, irriño behartuak, hots sarkorrak…
Lekutan geratzen dira Koldo Izagirreren xehetasunak Imanolek kantu eder bilakatutako “Nire euskaltasuna”-n: “baso bat da (eta ez du zuhaitz genealogikorik), dorre bat (eta ez du Alostorrerik), bide bat (eta ez du zaldizkorik), lore bat (eta ez du aldarerik), itsaso bat (eta ez du almiranterik), liburu bat (eta ez du sotanarik), mundu bat (eta ez du Amerikarik), bertso bat (eta ez du txapelik), pekatu bat (eta ez du mea-kulparik)”. Izan zitekeen hori guztia nire euskaltasuna (basoa, dorrea…), baita beste hainbat gauza ere, baina kantuan eta ez du haietan zegoen azentua. 80ko hamarkadako kontu zaharrak nonbait. Guk pekatu eta hoben guztien aurreko lekura nahiko genuke jauzi egin, hegan hobe; orduko tentsio haiek guztiak gainditu, ezabatuak izanak balira lez. Bizi dugun aro berriak dena berdindu nahi luke…
Nire aldetik, Laboarenaz gain, nahiago Maria Berasarteren bertsioa Aviron Bayonnaisen zale oldarrena baino; nahiago 2010ean Bidehutsek ondutako Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak lanean Akauzazte taldeak egindako bertsio ausarta: txoria txori, esaten da behin eta berriz, zarata zapaltzaile baten azpitik apenas entzungai. Ondorengo hitz ezagun guztiak ez dira kantatuak izatera ere ailegatzen, kantuaren aurreko ahalegin itoan geratzen dira zarata horren zamapean.
Egokiagoa garai bateko eta egungo metafora gisa.
3 IRUZKIN
LAZ 14.06.07
Estuasuna sentitu dut askotan zerbait gustatzen zaidala esan eta norbaitek eskatu didanean zergatik gustatzen zaidan azaltzeko. Batek baino gehiagok esango luke gustua –hunkidura, poza edo tristura bezala– erraietan sentitzen dela eta ez duela azalpen arrazionalik behar. Sentitzen da, ala ez da sentitzen. Eta kitto.
Niri Txoria txori kanta gustatzen zait; beti gustatu izan zait, eta inoiz egokitu ez bazait ere kirol-estadio batean edo masa erraldoi batekin batera kantatzea, behin baino gehiagotan kantatu izan dut taldean… Ez dakit zer esan nahi duen zehazki Sloterdijkek esaten duenean “talde bat erabateko inplizitutasuna duen soinu instalazioan bizi dela”, eta inoiz ez zait bururatu pentsatzea zer txori irudikatzen genuen bat eginda kantatzen genuen gutako bakoitzak, bat-bera ote zen txori hori, edo desberdina.
Orhiko txoriak, Orhira nahi.
Gorbeiako beleak, Gorbeiako jokerea.
Oizko txoria, beti Oizera.
Anbotoko beleak, Anbotora nahi.
(…)
Baina literaturaren historiak erakutsi digunez, testu batek zenbat irakurketa-interpretazio sortu/sortzen dituen, horrek ematen du haren handitasunaren neurria. Eta interesgarria iruditu baitzait Juan Gorostidik planteatzen duen galdera, pentsatzen jarri naiz zein ote den nire txori hori: “… eta nik, eta nik, txoria nuen maite”. Eta konturatu naiz txoria eta maite lotuta datozela kantaren letran, eta halaxe direla ere nire baitan.
Kanta horrek beti hunkitu nau, adierazten baitit maitasunaren errotiko ezintasuna. Baina ez maitatzeak askatasuna/lotura dikotomia planteatzen duelakoan (eta iruditzen zait hortik doala horren arrakastatsua gertatu den Anne Etxegoienen bertsioa –eta barkatuko didate bideoan agertzen diren gizonek, baina bele-itxura ikaragarria jarrarazi diete–), baizik eta botere-nahiak blaitzen duen giza harreman ororen ordain-ondorio saihestezina iruditzen baitzait ezintasun hori…
Eta, bukatzeko, Sarrionandiak Hitzen ondoeza liburuko “Txoria” sarreran aipatzen duen errefraua (1596ko errefrau-bildumako 230garrena) ekarriko dut hona:
Egaz manequi, ora nequiqueo choriari.
Juan Gorostidi 14.06.09
Txoria txori 70eko hamarkadako kantua da. Orduan premia larri bat azaleratu zen: “alda dezagun errotik inposatu diguten soinu instalazioa”. Eta lortu egin zen. Orduko indar-ideien artean Askatasunarena zen nagusia, eta txoria, bere ikurra. Baina, zer diren gauzak, Anne Etxegoienen bertsioak orduan ustez gainditu genuen instalaziora garamatza, hain juxtu.
(Zer esan nahi da “instalazioaren” kontu horrekin? Ondoren diona: “taldeak berezko dituen promesak bideratzeko adostasuna berrestea” bilatzen dugula).
80.ean azaleratu zen ezinegona: “hautsi egin zen anphora” (anphora: hildakoen errautsak garraiatzeko erabiltzen omen zena, besteak beste): belaunaldi berrian asko ziren txori-txioekin nazka-nazka eginda zeudenak. Ez zen nahikoa aldarrikapenarekin baina nazkatuek, dezibelioak jaso bai, baina ñabardura gutxi gehitu zioten hari guztiari.
Ezen ñabarduretan dago gakoa. Garai haietan kantariak eragile sozial eta politikoak ziren (“frente kulturalean” baino ez bazen ere), hotsekin, melodiekin, tradizioarekin eta abangoardiarekin ari zirela jabetzen ziren; hor zegoen haien eginahala. Garrantzia zuen Nire euskaltasunak zer ez duen azpimarratzea. Lan nekeza “mila ispilutan multiplikatua” geratu zen anphorarekin hartu behar zena “laberintoaren harri txintxarretan zauritzen hire oin birjiñak” (Ruperren 80ko Hautsi da anphora-ren lehen hitzak ziren, lehen kantuarenak; ezin esan garbi ari ez zenik).
70.ean Laboak bezala esperimentazioarekin engaiatu zirenak uste baino gutxiago ziren, egia, eta ondoren orduko ausardia haiekin egin duguna patrimonio bihurtzea izan da, gehien bat. Zen nolako esperimentazioa egiten zen, zein mugekin egin zuen topo, zein ondorioekin? Gai interesgarriak.
Txoria ez da askatasunaren ikurra, soilik. Badira txori beldurgarriak, adur txarrekoak ere (hori seinalatzen saiatu nintzen Bernaten apokrifoarekin Bat Hiru eta txoria kapituluan, Lau kantari liburuan). Interesgarria egiten zait orain kantu haren egileek honi buruz esandako “azken hitza”. Laboak Txorien ihesa azpimarratu zuen bere Xoriek 17 2005eko testamentuan (“baina txoriak zuengandik beti ihes doaz”), eta Artzek, 1987an argitara emandako Ortzia lorez, lurra izarrez laneko Uso xuria errazu-ri egindako glosa aukeratu zuen Juan Mari Beltranek 2010ean txalapartari buruz egindako dokumentalerako: “Hotzari iheska (Ilhunari iheska) /…zoazenean,/…erne ibil zaitez / hemendik igarotzerakoak, / segi aurrera, / hemen ez duzu pausalekurik, / hemen, jende gehiegi duzu / ez duena beroa maite (ez duen argia maite)…”.
Beste gaia planteatu duzu “maitasunaren errotiko ezintasuna… astatasuna/lotura dikotomiarena…”. Nik ez nuen horren urruti ailegatu nahi izan, baina hortxe legoke gakoa, bai. Baina, hasteko, gero eta interesgarriagoa egiten zait gure “patrimonioa” bilakatu diren 60ko, 70ko edo 80ko musikarien lanarekin zer egin dugun jakiten saiatzea…
Ez nuke, halere, adur txarreko pajaroa bilakatu nahi.
Juan Gorostidi 14.09.14
Zaila da benetan “txoria txori” eta Cohen-en alderdi garratz eta profetikoena elkarrekin uztartzea, baina zer da ezinezko kantuan? Saiatu dira Niño de Elche eta Raúl Cantizano Finlandiako uda beteko lorategian: https://www.youtube.com/watch?v=VDEdQpd6xSE
“Txoria nuen maite” eta “Everybody knows that the naked man and woman are just a shining artifact of the past. Everybody knows the scene is dead, but there’s gonna be a meter on your bed that will disclose what everybody knows” [Denek dakite gizon eta emazte biluziak iraganeko artefaktu distiratsua direla. Denek dakite eszena hila dela, eta gertatuko da zerbait zure ohean agerian utziko duena, denek dakitena]. Laburregia lehena?; luze eta korapilatsuegia bigarrena? Cohen bezalako euskal poeta-kantaririk balego ere, ez luke bere salaketekin Laboaren kantu xumenen arrakastarik erdietsiko.
Comments are closed.