Musika

Rocka eta bertsoa, akelarrean

“Batetikan korroska, bestetik herrena, ohia okupatu du, hori da txarrena…”. Rocka eta bertsoa lotu, eta Andoni Egañak 1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusian bota eta 1990ean Negu Gorriak-ek hip hop doinuetara eramandako hura etorriko da askoren gogora. Orduan aldarrikatu zuen Negu Gorriak-ek bertsoa lehen aldiz, baita rockeroak eta bertsolariak diskoaren azalean batu ere. Bada, azal hori bere lehen liburura eraman du orain Alberto Irazuk (Andoain, Gipuzkoa, 1970): Rocka puntua! plazaratu du Pamiela argitaletxearekin, bertsoaren eta rockaren arteko loturez diharduen saiakera bat.

7839190

Joxerra Garziak, Andoni Egañak, Mikel Abregok eta Niña Coyote eta Chico Tornadok lagundu zioten Alberto Irazuri liburuaren aurkezpenean. (Jon Urbe / Argazki Press)

Liburuaren lehenengo koxka Andoaingo gaztetxe zaharrean dagoela argitu du Irazuk. Han bertsolaritzaren eta rockaren artean jazo ziren «esperimentuen testigu» izan zela azaldu du, ahanzturan geratu diren esperimentu haien testigu. «Ikusi genuen Bap!! taldeak 1983-1984an lauko txiki bat kantatuta hasten zituela kontzertuak». Andoaingo Ximorra taldea ere aipatu du, bertsoak punk erara abesten zituena, eta fanzineak, orduko kontrakulturaren ezaugarri guztiekin, bertsoa ere sartzen zutenak.

Hor kontatzeko zerbait ikusi, eta bertso idatziak bilatzeari eta rock mundutik bertsolariei nola begiratzen zitzaien ikertzeari ekin zion Irazuk. Orduan aurkitu zuen Rocka puntua! hasten eta bukatzen duen anekdota; 1964an Zestoan Joxe Mari Iriondok Uztapideri jarritako puntua: «Ikasi al dituzu rock and roll eta twist?». Penatu egin zuen Uztapide galderak eta gazteria rockean eta twistean zebilela ikusteak. Bertsolaritzarena gaur gehiago ez den mundu bat zela dio Irazuk, eta aldaketa horretan ikusten dituen bi «parabola» azaltzen ahalegindu dela liburuan. Bata, zer gertatu den 60ko hamarkadan atzerritik zetozen estetika, doinu eta pentsamenduak arrotz kondenatzetik onartuak izatera. Eta bestea, bertsolaria oholtza gainera igo dela, «agian ez guztiz, baina rockero bihurtuta».

1960ko hamarkada amaieran eta 1970ekoaren hasieran parabola horiek «eztanda» egin zezaten, bi faktore atzeman ditu Irazuk: bertsolaritzaren modernizazioa eta euskara rockean sartzea. «Euskara rockean sartu ez balitz, gaur ez litzateke egongo rockaren eta bertsoaren arteko akelarrerik», esan du. Saiakerak mezu bat dakarrela adierazi du: «Euskarak bere bidea egiten jarraituko badu, etorriko diren artefaktu guztietan sartu behar da».

Obsesio gurpila
Kazetaritzan eta zenbait musika taldetan aritutakoa da Irazu —Karkaxa, Naun eta Captain Nemo—, eta liburua «rock mundua barrutik arnastu duen batek» idatzita datorrela iragartzen du hitzaurreak, hargatik. Lagunez inguratuta aurkeztu du liburua; entzuleen artean asko, eta alde banatan Joxerra Garzia eta Andoni Egaña hartuta. Baita Jose Angel Irigarai Pamielako editorea ere.

Duela pare bat urte jaso zuen liburuaren lehen idazkia Joxerra Garziak. Lehen zirriborroa «publikatzeko modukoa» zela iruditu zitzaion, baina Irigarairi begira aipatu du haren «perfekzionismoagatik» koma bakoitza bere tokian dela ziurtatu arte ez dutela argitaratu. «Liburuaren bigarren irakurlea izan naiz; ohorea eta gozamena izan da. Lehenengo idazketatik flipatuta geratu nintzen, eta espero dut bi urteko obsesio gurpilean txartu behintzat ez genuela egingo», bota du, umorez.

Joxerra Garzia: “Neurriz kanpoko entusiasmoz idatzita dago, eta eskertzen da, gaurko prosa tristearen panoraman”

Garzia bigarren irakurlea izan da, eta Egañak, aldiz, erantzun du bera «harrotasun handiz azkena» izan dela. «Gauza asko berritu dizkit, azalak berak hasteko: duela 28 urteko argazki batean zeure burua ikusteak beti ematen du susto eta poz bat». 1960ko hamarraldiko Zarautzen (Gipuzkoa) sortua izanik, rocka ez zitzaiela arrotza aipatu du Egañak, ez dela bera «Lazkao Txikiren belaunaldikoa». 17-18 urterekin bertsozaletu gabe oraindik, Zarauzko Xipri tabernan zeuden Basarriren bertsoak Errobiren Telebista” kantuaren doinuan kantatzen zituztela gogoratu du. Negu Gorriak-ekoek bertsolaritza eta rocka «senez» lotu zituztela dio. «Garai hartan, hiru faktorek ekarri zuten bertsolaritzaren garapena: Bertsozale Elkartearen sorrerak, Hitzetik Hortzera telebistan abiatu izanak, eta Negu Gorriak-ek Bertso-hop” grabatu izanak».

Estilo «eredugarria»
Mamia beste, liburuaren forma azpimarratu dute Irigaraik nola Garziak. «Agian saiakera akademiko tristeez kokoteraino ez, goraxeago nagoelako, iruditzen zait estilo aldetik lan eredugarria dela; irakurtzeko gozagarriak izan behar dute lanek. Hau neurriz kanpoko entusiasmoz idatzita dago, eta eskertzen da, gaurko prosa tristearen panoraman». Argitaletxeentzako «garai txarrak» direla, eta liburuaren aldeko apustua eskertu du: «Jose Angelek [Irigaraik] irakurri orduko esan zuen bazuela mamia, eta, kontsiderazio komertzialak alde batera utzita, nik garai batean editorialetan ezagutzen nuen bulkada honekin atera da: honek merezi du eta publikatu behar da!».

Hiru atal ditu liburuak: Bertsotik rockeraBertso & Rolling eta Odolaren mintzoak eta transfusioak. Kronika zatiak, pasadizoak eta fikziozko pasarteak uztartu ditu denean. Tartean, Nemesio Etxanizen figura aldarrikatu nahi izan duela ere aipatu du egileak, «inork baino lehenago formulatu zuelako euskarak sartu behar zuela kanpotik zetozen doinuen esparruan». Ipuin batean batu ditu Etxaniz eta Basarri , eta, bidenabar, Xalbadorri 1989an jantzi ez zioten txapela jantzi dio.

ETIKETAK:Alberto IrazuAndoni EgañaBap!!BertsolaritzaCaptain NemoErrobiJose Angel IrigaraiMikel AbregoNegu GorriakNiña Coyote eta Chico TornadoPamiela