Musika

badok

2016.09.26

badok

Lan bikoitza argitaratu du 121 Krew rap taldeak agur esateko

121 Krew rap taldeak amaiera eman dio hamasei urteko ibilbideari, disko bikoitza kaleratuz. Alde batetik, kantu berriez osaturik dago Mahatsen denbora, eta bestetik, aurreko diskoetako hainbat abesti bildu dituzte Azken afaria izenekoan. Diskoaren 150 ale baino ez dituzte fabrikatu, eta horietako bakoitzean taldearen azken kontzerturako sarrera bat jasoko du erosleak. Urriaren 15ean izango da kontzertu hori, Bilboko 7 Katu gaztetxean.

121krew

121 Krew taldea 2000. urtean sortu zen Barakaldon.

Barakaldoko taldearen aspaldiko lagunek kolaboratu dute Mahatsen denbora diskoan: Budi, Norte Apache, Gorka Suaia, Rasy Simone eta Neza. Frantziako mende hasierako raparen soinua eredu hartuta, “disko serioa eta potentea” egin du taldeak, Taupaka elkarteak azaldu duenez.

121 Krew graffiti talde bat bezala sortu zen (Artista Urbanoak), baina 2000. urtean, DJ Doble R eta Endika Lahaine batu ziren taldera alderdi musikala jorratzeko. 2005. urtean, La mansión de los mil versos / Etxe handi ilun honetan kaleratu zuten, Abu+E eta Lama raperoekin eta DJ Smog-en laguntzarekin. Gehien bat gaztelaniaz rapeatuta zegoen, baina taldearen euskarazko lehenengo kantak ere bertan daude.

121 krew

Hector Villarrek egin du 121 Krewren azken diskoaren azala.

Handik gutxira, Hawa DJ, Rufoh beatboxerra eta Maisha MC rap abeslaria eta ekoizlea batu ziren taldera, eta 2007. urtean El surko del tiempo / Denboraren ildoa diskoa kaleratu zuten, euskaraz eta gaztelaniaz. 2009. urtean, Guztiok bat… euskal rap! argitaratu zuten, euskarazko kantuez osaturik, eta 2011n Hiriaren taupadak heldu zen, David Nanclares gitarristarekin ondutako lana. Garai honetan Tote King edo Esne Beltza bezalako artistekin kolaboratu zuten zuzenekoetan. Bartzelona, Italia, Venezuela eta Parisen jo ostean, azkenengo lan honekin agur esatea erabaki dute.

ETIKETAK:121 KrewEsne BeltzaGorka SuaiaNorte ApacheTaupaka