Musika

Gotzon Barandiaran

2017.03.10

Gotzon Barandiaran

Hemen gaude

2013ko neguan elkartu ginen Zarautzen Gorka Urbizu eta biok. Payola eta Haria diskoekin egin legez, sormen lan berriaren Euskal Herriarekiko komunikazio lanak guk, Dijitalidadeakook, burutzea gura zuten. Aurreko bi diskoen uhinak baino urrunago iristea erronka pizgarria zen guretzat eta baiezkoa erantzun genien atoberean. Egia da, gaur egun Berri Txarrak-en disko baten berri zabaltzea, hein batean, ez da langintza nekeza, bi hamarkadetan diskoz disko, zuzenekoz zuzeneko, bai zaleei dagokienez, bai komunikabideei dagokienez, arreta gehien bereganatzen duen taldeetakoa izatea lortu baitute. Hori berori zen guztiontzat, pizgarririk eraginkorrena, edonor nahikotzeko modukoari itzuri egin eta ordura arte lortu gabeari erreparatzea. Funtsean, Berri Txarrak-en izaera zein jarreraren oinarriarekin bat egitea zen: beti maila bat gorago igotzea, bertan goxo ez geratzea, bitsetan barik, arantzadun besaulkian.

Gogoeta koordenada horietan batzartu ginen Berri Txarrak-en egitasmo berriaz jarduteko. Taldeak 20 urte beteko dituen urtean zer eskainiko dugu? Bilduma bat? Gure kanturik onenen zuzenekoa? Gure kantuen bertsioekin osatutakoa?

BERRI_TXARRAK-2

Galder Izagirre, Gorka Urbizu eta David Gonzalez, Berri Txarrak. (Aritz Loiola / Argazki Press)

Dagiten oro luze, sakon, zehatz, behin eta berriro hausnartzen duen taldea da Berri Txarrak. Denborarekin ikasi dute hobe dela bulkadak zuzenekoetarako bideratzea. Jaio.Musika.Hil diskoaren bira hiru urtez luzatu zelarik, taldearen etorkizuna dandilizka utzi zuen higadura sortu zien nekeak. Ordutik sorkuntzari, zuzenekoei, promozioari, birei beste patxada batez ekiten ikasi dute, arnasestuka baino, arnas luzerako planak diseinatzen. Denborari eskutik oratzen eta ahal dela, erritmo berberean pausoa luzatzen.

Denbora.

Zerbait berezia sortu behar dugu, iragana gogoratu eta oraina goratuko duena, Berri Txarrak etorkizuna dela ulertaraziko duena.

Zer, baina?

Ernegua zerion kantagilearen bisaiari, egonezina, erabakiaren aurreko zalantza.

Zaude lasai, asmatuko duzue zerbait.

Ahaireak, riffak, entsegu lokalean zein etxean, erraz samar loratzen zaizkigu. Hitzak, ostera. Zer esan, nola esan?

Kolkoari errepikatzen dioguna ahozgora: mikrofono bat ahoratzen duzunean izan dadila ekarpen bat egiteko, izan dadila esateko, pentsarazteko, sentiarazteko. Harrokeriaren aurkako ukendu, apaltasunaren aldarritik. Ezin zaio edozeri kantatu, ezin da edonola abestu, gure garaiko alaba-semeak gara. Zerk kezkatzen gaitu? Zerk sortzen digu azkura bihotz-buruetan, amorrua, inpotentzia, bizipoza, itxaropena? Zerk bizi gaitu 2014an, taldea sortu eta 20 urtera?

Itaun horien eta beste hamaikaren erantzunetik, luze pentsatu behar dute kantatuko dutenari buruz, antidogmatismoa, ortodoxia, irakaspena eta ebidentzia sahiestuz, berbak ordura arte ez bezala elkartu, inoiz ez bezala esan nahi lituzkete. Askatasunari kantatu askatasuna hitza erabili gabe. Horixe lanik nekezena kantagilearentzat, horrexek galarazten dio loa frontman-ari.

Joseba Sarrionandiak Ni ez naiz hemengoa liburuan (Pamiela, 1985) zera dio Izkiriatzea eta antidogmatismoa gogoetan: “ (…) Idaztea, hain zuzen, idazlan dogmatikoa irekirik uztea da, munduari irekirik, edozeini, eta jendeak norbere idazlana usa dezakeela onartzea, hau da, bere gisara osa dezakeela uztea. Beraz, antidogmatikoa da idaztea. Idazleak zabalik uzten du bere obra, beste norbaitek hertsi dezan, beste edonork usa eta osa dezan. Idazleak proposamen hutsa egiten du, erantzuna oraindik ezagutu gabe. Idazlearen afirmazioak irakurleari eginiko galderak dira, erantzun zain beti. (…) Ni ere afirmatzen naizenean galdetzen ari naiz. Ene gogoetak paper batetara lotzen ditut eta, aldi berean, aske uzten. Ene gisara ordenatu ditut letrak baina letra arteak zeuk antola ditzakezula eskatzera nator. Ez uste izan ene izkribuetan, zeuk zerbait utzi gabe, ezer aurkituko duzunik. Nik buztinezko untzi bat ematen dizut, zu zara bete behar duena”.

Ebidentzia baino, sujerentzia. Agindu baino, iradoki. Asko irakurri, gehiago entzun. Kantagilearekin sarritan trukatu ditugun gogoetak.

Zaude lasai, Gorka, zerbait asmatuko duzue.

2014ko udaberrian elkartu ginen ostera, oraingoan ere Zarautzen. Pozaren urduria igartzen zitzaion orduan koblakariari, albiste itzela dakarrenaren begien distira.

Hiru buruko munstroa dakargu, hiru disko, hiru kantamodu, hiru ekoizle zeharo ezberdinekin. 20 urte, 20 kanta. Arrisku-salto hirukoitza. Zer deritzozu?

Iragarri nitzakeen aukera guztietako bakarrean ere ez zegoela antzekorik ere. Zenbat denbora bideratuko duzue horretarako, bi urte? Hiru? Ekoizpena ordaintzeko zuzenekoak eskaini behar badituzue, noiz hartuko duzue konposatzeko denbora? Diskoak banaka edo denak batera aurkeztu asmo dituzue? Kutxa bakarrean, hirutan?

Diskoa 2014 honetako Durangoko Azoka baino lehenago aurkeztuko dugu, beraz, irailaren hasierarako prest izan beharko dugu kopiak egin ditzaten bidaltzeko.

Oraingoan ere ez zaio goroldiorik bilduko harriari.

Has gaitezen bada, komunikazio lanetan.

Eta zeri kantatuko diozue? Zein izango da bazka, zer hausnarrazi gura diguzue? Zer da 20 kanta berri hauen bidez kontatu gura duzuena?

Disko bakoitzak, bai musika estiloari bai kantagaiei dagokienez, bere bereizgarriak izango ditu eta hari batek lotuko ditu: Denbora da poligrafo bakarra.

Aurrez aipatutako Joseba Sarrionandiaren liburu beretik: “(…) Denboraren neurri zehatza agertu zenez geroztik, zehazki kondaturiko ordu eta segundoak eros eta sal zitezkeen gauza bihurtu ziren. Denbora merkantzia bihurtu zen, alegia. Denbora urrea da, hauxe da ideologia kapitalistaren funtsezko ideietarik bat, bizitza abantail ekonomikoen zerbitzuan imintzen duen zibilizazioaren erretratu den esaera. Denbora galtzea, berriz, zibilizazio horretako bekatu sozial nagusienetakotzat hartzen da. Eta orain, zibilizazio industrialaren buruko XX. mendearen azken aldian aldean eraman behar du nork bere erlojua, hura gabe galdu egingo litzatekeelako, bai eskolara, bai lantegira, bai elizara, bai trenera, bai zinemara joateko, puntual iristeko. Eta puntual iristen garen edo ez, baina geroztik erlojuen orratzetan eskegirik ditugu bihotzak. Gure erlojuek ez dute denbora, erritmo naturalaren eta gizabanakoaren barru erritmoaren ordez erlojuen tik tak monotono eta amaigabeen erregularitate artifiziala ezarriaz. Erlojuetako denboraren arabera moldatzen dira egun gure bizitzak, gure aldetik erlojuen esklabutza hori onartzen da, denbora bera zer den eta geure bizitzaren zentzua ere zein den hausnartzeko astirik geratzen ez delarik. Poesiaren denbora, hain zuzen, beste denbora hura da, astiarena, geure baitako erritmoena”.

Baina bizi daiteke egun inor bere denboraren gehiengoa sorkuntzari emana? Gizarteak bere osotasunean, aitortzen diogu bere ekarpena kultur sortzaile bati? Oraindik ere musikariak alfer, drogazale, txortanbero huts gisa ditugu? Onartuko genuke herrikide bati diru publikoa bideratzea sormen prozesu baterako, berbarako, disko bat ontzeko entseguetarako hamar hilabeteko soldata publikoa izatea, bai disko eran bai zuzenekoetan ondasun publiko gisa itzuliko digunaren jakitun?

Arras gutxi dira gaur egun euren lanak euskaldunen gehiengoarengana helaraztea lortzen duten sortzaileak. Berriz ere ausarki botako dugu gehienek ez dutela 500 hartzaile ere. Kopurua eta emaitza dira bistakoenak, numeroak eta emaitza dira ezagutzen ditugun bakarra, euroak eta emaitza aukeratu edo baztertzen ditugunak.

Arras gutxi dira gaur egun euren lanak euskaldunen gehiengoarengana helaraztea lortzen duten sortzaileak. Berriz ere ausarki botako dugu gehienek ez dutela 500 hartzaile ere

Abiapuntua, testuingurua, prozesua emaitza bezain garrantzitsuak direla esatea ausarkeria ez dela deritzoten horietakoak gara. Disko berri baterako riffak entzun berri dugun hurkoaren diskoaren riffetik datozkiguke, egoera emozional bat azaltzeko gakoa tabernalagun bati aditu geniezaioke, gogoeta intelektuala eragin diezaguke adinkidea dugun idazlearen poema liburu berriak. Eta horretarako denbora behar dugu, denbora eskaini behar diogu horri, astitsu egon behar du sortzaileak ganorazko zerbait lortzeko. Sortzeko denbora eta bizitzekoa ez baitagoz sinkronizatuta. Bizitzeko, sortzeko baino askoz denbora gutxiago behar baitugu, antza. Bizitzeko segundoak nahiko ditugulako, egun.

Sortzeko denbora, Sarrionandiagaz bat eginik, beste denbora bat da, sorkuntza bera uhertu dezakeena, plazaratu bezain pronto zaharkitu dezakeena. Edo gaztetu.

Zutaz kantatzeko disko-libururako Bide Ertzean-eko Imanol eta Joni Ubedak zioten eran, “une bakoitzean bizi dugun garaiari eta norbere bizipenei argazkia ateratzeko eginkizun bezala” ulertzea kantagintza eta ondorioz, bizi zaituen garaiak zure sormen lanean isla izatea. Horixe da, nire uste harroan, Berri Txarrak-ek duen estimu handiaren gakoetako bat: bere garaiaren koblakari izatea.

Eta zer dagi XXI. mendeko koblakariak? Herriz herri kantatu aurretik, entsegu lokalean ordu asko, okerrak zuzentzeko ahalegin amaigabean, jo eta probatu eta ez konformatu, hobetu, beste norabide bat hartu, esperimentatu, baztertu, onetsi, sinetsi, barneratu, bizi. Gero diskaratu, zuzenean jotzerakoan entzuleari ezaguna egin dakion. Milaka eta milaka kilometro furgonetan, asteburuetan, gainontzekoontzako jai zein opor egunetan, gehiengoaren bizimodu estandarraren iruntzietara. Dena eman kantari.

Musikazaleak dira, musikariak, kantagileak. Musikak bizi ditu.

Iragana aurretik 
Konta dezagun hori, konta dezagun hasiera, deskribitu dezagun bidea. Taldearen 20 urteak herabe ospatu eta disko hirukoitza aldarrikatuko dugu. 20 kanta berriotarainoko urteak ekarriko ditugu akordura garapen bat azalarazteko, aldapa gora malkartsuak eta bihurgunez betetako aldats beherak identifikatzeko.

BERRI_TXARRAK-3

‘Denbora da poligrafo bakarra’ lan hirukoitza aurkezteko agerraldia, Bilboko Kafe Antzokian. (Aritz Loiola / Argazki Press)

Komunikabide bakoitzari, bere ezaugarrien araberako proposamena egingo diogu. Aintzat hartuko ditugu telebistak, irratiak, idatzizkoak, Internet bidezkoak, sare sozialak, denak, handiak beste txikiak, nazionalak bezain lokalakKomunikabide bakoitzak bere ezaugarriak izaki, bere kazetariak, bere baldintza humano zein ekonomikoak hartuko ditugu aintzat.

Deitu, hitzordua eskatu, beraiekin batzartu, Denbora da poligrafo bakarra aurkeztu eta beraien komunikabidearen bitartez zer zabaldu gura genuen azaldu genien eta horregaz bat, beraien proposamenarekin adostuko genuela aurreratu. Guretzat komunikabideak bidelagunak baitira, kultur sorkuntzan aritzen garenontzako ezinbestekoak. Ez dira zerbitzu, ez dagoz derrigortuta gure lanak zabaltzen. Hautu hori egin izana eskertzen diegulako tratatzen ditugu begirunez.

Halaxe ekoitzi genuen Berria eta Debolexekin batera Iragana aurretik ikus-entzunezkoa, hasieran erreportaia luzea izan behar zuena baina milaka ikustaldi zenbatu ostean, dokumentala bihurtzea erabaki genuena. Elkarlan horretatik eskaini zuen taldeak zuzenekoa Naiz Kontzertuak Internet bidezko kantaldi sortan; elkarrizketatu zuen Sustrai Colinak Gorka Urbizu luze Argia-rako; argitaratu zuen EITBk bere komunikaziobide guztietan disko berriari loturiko lehen bideoklipa beste inork baino lehen…

Diskoa 2014ko azaroaren 24an aurkeztu genuen kazetari eta zaleen aurrean Bilboko Kafe Antzokian. Ordurako disko hirukoitzari buruzko zizka mizkak eskainiak genituen eta prentsaurrekoan bertan antzeman genuen bazela jakinmin itzel bat, bazela gose antzeko bat. Aretoa kazetariz eta berrizalez mukuru, galdera asko, elkarrizketa luzeak. Denbora da poligrafo bakarra taldearen historian beste mugarri bat izango zen sentipena nagusitzen ari zitzaigun.

Asmatu duzue zerbait, antza.

Euskal Herrian bakarrik, sei egun eta erdi eman zituzten taldekideek promozio lanetan, era guztietako komunikabideei adeitasun osoz erantzuten, dendetan showcase edo kantaldi akustikoak eskaintzen, hainbat irratitan zuzenean kantatzen. Hori berori, Bartzelonan eta Madrilen. Ordu asko. Lan nekeza.

Aretoa kazetariz eta berrizalez mukuru, galdera asko, elkarrizketa luzeak. Diskoa beste mugarri bat izango zen sentipena nagusitzen ari zitzaigun

Ondoren etorri zen Durangoko Azokan 4.000 disko saltzea, Donostian 2015eko urtarrilean lau kontzertu herreskan sarrera guztiak agortuta eskainiz hasi eta Madrilen 2017ko martxoan bukatu bitartean, 127 kontzertuko bira, 30etik gora sold out (Euskal Herriko guztiak, Madril, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza…), munduko hamarnaka herrialdetan: Euskal Herria, Espainia, Herrialde Katalanak, Galizia, Frantzia, Herbehereak, Suitza, Alemania, AEB, Mexiko, Txile, Argentina, Brasil, Peru, Kolonbia… Fresneseko espetxean ere jo zuten, Txileko edo Espainiako telebistetan… Eta sustraiak ahaztu barik, gaztetxe dezentetan jo dute biran zehar beraien belaunaldiko taldeak ontzeko ezinbesteko izan direla aitortzeko, Jaio.Musika.Hil diskoaren 10. urteurrena gogoratzeko atera zuten biniloaren hedapenerako antolatu zuten gaztetxe bira, kasurako.

Taulakideen artean, aipatzekoak dira Mexikon Comeback Kid Kanadako hardcore taldearekin batera egindako bira, Descendents taldearekin Hego Amerikan egindakoa, Rise Against eta Refused-ekin Barakaldoko BEC-en eta Madrilgo Palacio de los Deportesen eskainitako kontzertuak… Jaialdi garrantzitsuetarako ere deitu dituzte: South By SouthWest (Austin, AEN), Euskal Herria Zuzenean, Resurrection Fest (Viveiro, Galizia), Sonorama (Burgos, Espainia), Gijón Sound Festival (Asturias), 360 (Iruñea), Kutxa Kultur Festival (Donostia), AuFest Open Air (Frankfurt, Alemania)…

Egiten dituztenak baino gehiago jasotzen dituztela da 2014ko Kafe Antzokiko prentsaurrekoaren ostean igarri genuenaren froga.

Taldeak, beste behin, koska bat gorago egitea lortu du.

Bira bukaera. “Madrid, nunca fue fácil. No siempre fue posible. Hoy será histórico”

2017-03-03 Berri Txarrak_La Riviera_Tom Hagen_001

Ricky Falkner ekoizlearen hitzetan, Madrilgo La Riviera aretoan jotzea kontsakrazioa da. (Tom Hagen)

Denbora da poligrafo bakarra hirukoitzeko bigarren diskoaren ekoizlea izan zen Ricky Falknerren hitzetan, La Rivieran jotzea kontsakrazioa da. Zer esanik ez, sarrera guztiak hilabete lehenago agortzea. Izugarria, haren esanetan. Altafonte banatzaileko kide den Antonek kamerinoetan aldarrikatua: “Ni madrildar peto-petoa naiz eta inor baino harroago nago Berri Txarrak-ek bira hemen amaituko duelako. Izorra daitezela!”.

Carola Perezek, 17 urtez Berri Txarrak-en Madrilgo lagun eta promotorea izan denak, ondo daki nortzuei buruz ari den Anton. Ondo gogoan du zelango jazarpena pairatu duen, ondo gogoan du Madrilen 2003an Caracol aretoan antolatu zuen kontzertua zela-eta, España 2000 talde ultraeskuindarrak deitu zuen elkarretaratzea. Zentsura, sorgin-ehiza, debekua ezagutu dituzte Berri Txarrak-ekoek Madrilen, beste euskaldun sortzaile askok legez. Egunotan Miren Gaztañagaren ibilbide artistikoa zikintzen ari diren berberek jazarri dute taldea hainbat urtetan. Madrid, nunca fue fácil. No siempre fue posible. Hoy será histórico.

Hemen gaude, behin eta berriz inausi digute hitza debekuaren artaziekin, baina hemen gaude.

Birak Madrilen amaitu behar zuen, ezin zuen bestela izan.

Martxoaren 3an 21:10ean hasiko zuten kantaldirako bezperan abiatu ginen bi furgoneta Euskal Herritik. Bata Azok daroa, taldearen gidari, webgunegile eta kamiseta eta enparauen arduradunak, Pau managerrarekin batera, berrizaleen soziologiaz orduetako berbaldia eskaini diezazukeenak.

Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre taldekideen zuzenekoak perfekziotik hurre egon daitezen lan-talde sendoa dabil itzaletan. Pau, Wero, Azo, Iban, Mikel eta Alvarok osatzen dute eskifaia edo, beraien hiztegi terminologikoaren arabera, crew-a. Birako azken emanaldiaren bezperan atera ginen La Rivierakoek aretorako sarrera goizeko 11:00etan eta soinu-froga eguerdiko 14:00etarako ezarri zutelako. Euskal Herritik Madrilera furgonetan iristeko lau bat ordu behar dira; martxoaren 3an bertan abiatzekotan, goizegi jeiki beharko genuen eta eskifaiakoek behin eta berriz errepikatzen dutenez, bolo egunak, egun oso luzeak izaten dira. Davidek azaldu legez, lan-taldea ondo zaintzen ahalegintzen dira, eszenatokian ageri ez arren, Berri Txarrak denaren zutabe ezinbestekoa baitira.

2017-03-03 Berri Txarrak_La Riviera_Tom Hagen_007

Berri Txarrak-en zuzenekoak perfekziotik hurre egon daitezen lan-talde sendoa dabil itzaletan. (Tom Hagen)

Bira bukaera da, Madrilen, nahikoa atseden hartuta egon behar dute denek. Urduritasuna somatzen zaie, zerbait berezia du bira amaiera honek eta lana gogotik egiten ari dira. Goizeko 09:00etan jagi eta goizaldeko 01:00ak inguru arte, atsedenarako oso tarte gutxi izango dute. Soinua orekatzeko dituzten 2 orduak azken segunduraino aprobetxatu gura dituzte. La Rivierak akustika sano eskasa ei du, ez da batere erraza soinu ona lortzea, horixe diote antolakuntzan ari diren madrildarrek. Mikel, Iban, Wero eta Alvaro beti bezain gogotsu baino gogotsuago ari dira, ez dute beste ezer gogoan, ezta jan behar dutenik ere. Lana ondo burutu dutela ziurtatu arte ez diote utziko. Txapela kentzeko moduko profesionalak dira.

Abiapuntuak eta prozesuak kontzertua nahieran amaituko zela iragarri zezaketen arren, Gorka, David eta Galder urduri zeuden. Mila inguru izango ziren Euskal Herritik hurreratutakoak, beste horrenbeste Madril zein estatuko beste lurralde batzuetakoak. Bazekiten madrildarrak irrikaz zeudela, Gorkak antzeman zien bezperan goizeko 07:00etan hasi eta gaueko 23:30ean amaitu zuen promozio egunean. Amorrua zuten Madrilgo lagunek urteetan adierazpen askatasuna ukatzen zietenekiko, Berri Txarrak legez euskal talde eta sortzaileak estigmatizatu eta kriminalizatzen dituztenekiko, Madril faxista, eskuindar eta atzerakoiaren irudia zabaltzen ari zirenekiko. Beste Madril bat dagoela erakusteko modu bat zen Berri Txarrak-ek bira bertan sarrerak agortuta amaitzea. Oihu egin nahi zuten arima urratu arte.

2017-03-03 Berri Txarrak_La Riviera_Tom Hagen_012

Madrilgo zaleek oihu egin nahi zuten arima urratu arte. (Tom Hagen)

Baita lortu ere. The Secret Society eta Viva Belgrado gure irudiko talde bikainen saio laburren ostean, taldekideak oholtzan zaleak txaloka agurtzera agertu bezain laster, La Rivierak su hartu zuen. Ohiko kontzertuetan, kanten zerrenda, ordubete aurretik prestatu ohi dute Gorka, David eta Galderrek, eskifaikoen zoramenerako. Oraingorako, ostera, ondo zekiten zer kantatu gura zuten.

Gehienoi labur egin zitzaigun bi orduko dena emate hartarako kanta zerrenda bikaina begitandu zitzaigun, oso tarte gutxi eman zigun arnasa hartzeko kanten errenkadak, hasierako diskotik hasi eta DDPB-raino, baita Mikel Laboari eskainitako diskoko “Liluraren kontra”, zeinaren aurkezpenean, Gorkak euskara halako hizkuntza menostuei batzuek erakusten dieten erdeinu, lainez eta gutxiespena salatu zuen. Madrilen ginen, etxekotuan, baina Madrilen, ez zegoen aukera galtzerik. Irri harroz hasi zuten emanaldia Berri Txarrak-ekoek eta harro eman zioten amaiera irria erantzi ezinik, eskifaia osoa taula gainean, zaleei zintzoki eskerrak emanez. Soinu eta argi paregabeak, zaleen erantzuna hunkigarria, musikarien jarrera eredugarria.

Honetarako amesten diagu, honetarako!

2017-03-03 Berri Txarrak_La Riviera_Tom Hagen_004

Irri harroz hasi zuten emanaldia eta harro eman zioten amaiera irria erantzi ezinik, eskifaia osoa taula gainean. (Tom Hagen)

Denbora da poligrafo bakarra diskoaren bira amaituta, mapa berriak destolesten hasteko denbora hartuko du taldeak.

Batek daki zein bide hartuko duten.

Guk prozesua azaldu gura izan dugu, ikusten ez den lana azaleratu, bizitza musikari edo beste edozein sorkuntzari emana bizitzeak dakarrenaren lagintxo bat erakutsi eta Berri Txarrak-en bitartez euskal kulturgileei (sortzaile, antolatzaile, profesional, kazetari, irakasle, hezitzaile, zale, kontsumitzaile..) gure esker on eta omenaldi xumea eskaini.

Mila esker.

Oharra: Kontzertuari buruzko kronika zehatzagoak www.berritxarrak.net webgunean zein sare sozialetan dituzue zenbat gura, hona hemen horietako batzuk:

  • “La banda de rock en euskera más aclamada de todos los tiempos hizo historia a orilla del Manzanares” (MariskalRock.com)
  • “El trío ofreció una lección de rock magistral” (RockTotal.com)
  • “Nunca fue fácil. No siempre fue posible. Hoy vamos a hacer historia”. Nunca una introducción a un concierto fue tan premonitoria de lo que allí ocurriría” (El Enano Rabioso)
  • “La toma de Madrid” - (LaMarDeMares.wordpress)
  • “Berri Txarrak llena Madrid de rock y euskera” (Festinfo)
ETIKETAK:Berri TxarrakDavid GonzalezGalder IzagirreGorka UrbizuJoseba SarrionandiaMikel Laboa