2017.04.19
Musika elektroniko dantzagarriak beste edozein musika estiloren zilegitasun bera duela esan nahi nuke, lehenik eta behin. Zoritxarrez, haren inguruan oraindik erabat uxatu gabe mespretxuzko topiko miope eta bakaladero franko dago, eta ondorioz, haietatik alde egin eta bere musikari “seriotasun” puntu bat eman nahian edota alor artistiko berrietan saiatzeko grinak bultzatuta, zinemarako musika konposatzea erabaki duen DJ eta ekoizle bat baino gehiago dago. Ulergarria zait noski, baina menperatzen ez duten eremu labainkorrean sartzean, mamirik gabeko erakustaldi tekniko distiratsu bezain aspergarrien tranpan erortzen dira sarritan. Soinu banda baten helburua jatorrizko irudiekiko erresonantzia estetiko edota emozional bat eragitea baldin bada, horrelakoetan eskaintzen dituzten kutsurik gabeko ariketa tekniko kaltegabe horiek erabat kontrako efektua lortzen dutela esango nuke.
Aitor Etxebarria DJ eta ekoizle moduan ezagutu dugu orain arte El_Txef_A izenarekin, eta berak ere film baterako musika sortu eta grabatzeko erabakia hartu du. Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren inguruan Hannot Mintegiak zuzendutako Markak dokumentalerako, hain zuzen ere. Etxebarriak, Gernikan bertan jaioa eta hazia, lotura emozional sakona du proiektuarekin, eta urte oso batez pazientzia handiko elkarlana garatu du Mintegiarekin. Nabaria da emaitzaren hunkigarritasun ukaezinean. Zuzenekoetara eraman ahal izateko asmoz, ahots eta instrumentu akustikoetan oinarritu du Etxebarriak bere lana, eta ehundura elektroniko hareatsuen geruza dotoreetan bildu du. Une batzuetan Fennesz eta Ryuichi Sakamotoren arteko elkarlanak ekarri dizkit gogora; besteetan, Madredeus-en ilunabarreko tonu liluragarria. Baina antzekotasun estilistikoen gainetik, lotura emozional horrek ekar zezakeen larregizko zama eta gauza gehiegi kontatu nahi izateko tentazioa saihestuz, Etxebarriaren zuzendaritza da gehien goraipatu nahi nukeena. Diskoak irauten duen ordu erdi eskasean, osagarri bakoitzaren dosiak kontu handiz barreiatzen ditu, eta minimalismora gerturatuz, nota bakoitza ekonomizatu eta dagokion arnasa hartzeko espazioa uzten dio. Hori da gehien txunditu nauena.
Bernardo Atxagak, dokumentalaren oinarri den Markak liburuaren egileak, pertsonek eta gertakizunek utzitako marken ahanzturak kezkatzen duela dio. Etxebarriak, Tia Luisitaren ahozko testigantza diskoaren erdian kokatuz, aurretik eta ondoren marraztutako doinu guztiek hitz horien marka gugan zizelka dezaten egin duela iruditu zait, eta ezin modu ederragoz eta sakonagoz lortu duela esango nuke.