Musika

Jon Eskisabel

2017.09.04

Jon Eskisabel

Agur Lurra, ongi etorri Hiru Leike

Abuztuaren amaieran, Zarautzen eman behar zuen kontzertuaren bezperan, bere desegitea iragarri zuen Lurra taldeak. Taldekideek proiektu berriak zituztela esku artean zioen taldeak Facebooken bidez plazaratutako oharrak. Albisteak ustekabean harrapatu zituen zaleak, Iñigo Muguruzaren gaixotasunak eragindako etenaldiaren ostean kontzertuak berriz ematen hasi eta bere bigarren diskoa grabatu berria baitzuen taldeak. Lan hori “momenturen batean” argitaratuko dutela azaldu zuen taldeak aipatutako oharrean.

Lurrak Hondarribian eskainitako kontzertua (Martxel Mariskal)

Lurra maiatzean itzuli zen agertokietara, Hondarribiko Txikimusika jaialdian. (Martxel Mariskal)

Diskoaren grabazioan sortutako arazoek eragin dute Lurraren sei urteko ibilbidearen amaiera, Iñigo Muguruzak BADOK atariari azaldu dionez. “Horrelakoa da bizitza, diskoaren grabazio luzeak taldearekin bukatu du”. Taldeak martxoan iragarri zuen Facebooken disko berri bat grabatzen ari zela, baina hurrengo hilabeteetan ez du beste azalpenik eman diskoaren inguruan. “Bi lagunen lokal batean hasi ginen grabatzen, eta arazo teknikoak, ejekuziokoak eta abar direla medio, asko luzatzen hasi zen grabazioa. Nik neure buruari esaten nion: 52 urte ditut, beste musikariak gazteagoak dira eta urte asko dituzte oraindik diskoak grabatzeko. Nekatu egin nintzen, egia esanda”. Diskoaren grabazioa amaitzea lortu zuten, baina nahasketak ez dituzte oraindik egin. Noiz egingo dituzten ere ez dakite, eta ondorioz diskoa argitaratzeko datarik ez dute jarri. Baina argitaratu egingo dute, “oso disko ederra” egin dutela uste baitu Muguruzak. Aurretik beste bi lan kaleratu ditu Lurrak: bost kantuz osatutako EP bat (2012) eta Akatsa sistema disko luzea (2014).

“Lurraren diskoa ez dugu oraindik nahastu, baina nahastuko dugu; oso ederra izango delakoan nago”

Bitartean, talde berri bat sortu du Iñigo Muguruzak. Hiru Leike izena du baina bikote bat da. Ane Odriozola kantariak (Indidxabak) laguntzen dio Muguruzari proiektu berri horretan. Hari buruzko xehetasun batzuk eman ditu Muguruzak. “Oraingo honetan gitarra distortsionatua jotzea tokatzen zait. 3/4 erritmoak nagusituko dira, eta hitz batzuk Karmele Jaiorenak izango dira”. Halaber, “laster” berri gehiago izango direla iragarri du.

Lurrako beste taldekideek ere proiektu berriak dituzte esku artean. Ane Garcia abeslariarenak poesiarekin lotura du eta eta Carlos Zubikoa eta Xabi Dolsenak musikarekin.

ETIKETAK:Ane GarciaAne OdriozolaCarlos ZubikoaHiru LeikeIndidxabakIñigo MuguruzaKarmele JaioLurraXabi Dols