Formatua: CD-LP
Iraupena: 41' 29"
Argi kodea: AZ-2
Azala: Fermin Leizaola
PARTAIDEAK
LAGUNTZAILEAK
GENEROA
Herri kanta
Xabier Lete
1974 - Artezi
Formatua: CD-LP
Iraupena: 41' 29"
Argi kodea: AZ-2
Azala: Fermin Leizaola
PARTAIDEAK
LAGUNTZAILEAK
GENEROA
Herri kanta
Xabier Letek Donostiako Herrerako La Salle ikastetxean egin zituen ikasketak. Batxilergoa amaituta, Tarragonara (Herrialde Katalanak) joan zen ikasketa teknikoak egitera, baina ez zituen bukatu. Horren ordez, irakurri eta zinemara joaten zen. Euskal Herrira bueltan, Pasaiako (Gipuzkoa) lantegi batean sartu zen, eta han hasiko zen lehen poesiak idazten. Irakurtzalea gazte-gaztetik izan zen, eta segituan idazten hasi zen. 1965ean, Zeruko Argiaaldizkarian kolaborazioak argitaratzen hasi zen. Antzerki munduarekin ere harreman estua izan zuen, Oiartzungo Lartaun taldeko kidea baitzen. Julen Lekuonaherrikidearen bitartez, JosAnton Artze ezagutu zuen.
Berehala Ez Dok Amairu taldeko kideak ezagutuko zituen. Ordurako kezka handiak zituen Lete gazteak: “Lehen esan dut existentzialista nintzela. Baina bestelako influentzia estetiko eta filosofikoak ere banituen; adibidez, Oteizaren Quosque tandem…! liburuak erabat trastornatuta utzi ninduen. Eta Arantzazuko eliza berriaren baitan zeuden arazo estetiko, erlijioso eta disziplinarrak oso hurbiletik ezagutu nituen. Zazpi urte nituela, Arantzazuko lehen harriak nola jartzen ziren neronen begiekin ikusi nuen. Orduan, hogei urtetatik aurrerako abiapuntu horretan, euskal semea eta abertzalea ere banintzen, eta Ez Dok Amairuren sorreran partaide izatea konpromiso bezala hartu nuen” (1).
Letek lehen unetik hartu zuen parte taldean, nahiz eta hasieran ez zuen kantatzen. 1966an egin zuen estreinaldia kantaldi batean, Seguran (Gipuzkoa). Kantatzeko atrebentziarekin batera, Ez Dok Amairun maitasuna ezagutuko zuen. “Eta horrela, halako batean, ni ere kantuan hasi nintzen. Lurdesekin batera kantatzen nituen lehen abestiak; gero, neronek nituen hiru edo lau. Uztapide eta Xalbadorren bertsoak ere kantatzen nituen. Hirurogeita seigarren urteko martxoaren egun batean, taldeko norbait gaixotu egin zen, eta Lurdesek eta Arzek lehen aldiz jendearen aurrean kantatzera bultzatu ninduten (…). Handik bi hilabetetara, maiatzean, ni soldadutzara nindoan, eta joan baino egun pare bat lehenago Lurdes eta ni nobio egin ginen” (1).
Lehen singlea 1968. urtean argitaratu zuen, lau kantarekin. Ahots sendo eta indartsua, umorea eta sentimendua uztartzen zituen bere musikagintzan. Jacques Brelkantari belgikarraren jarraitzailea izaki, hasierako urteotan arazo sozialek toki nabarmena zuten abestietako hitzetan, baina horiek pixkanaka desagertuko ziren, askotan ilun samarra zen existentzialismo bati lekua utziz.
Ez Dok Amairu desegin zenean, bertan egondako hainbat kantarirekin elkarlana hasi zuen, bereziki Antton Valverde eta Lourdes Iriondorekin. Lehenarekin bertso zaharrak eta Txirritaren bertsoak berreskuratu zituen, elkarrekin atera zituzten diskoetan: Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) -lan horretan Julen Lekuonak ere hartu zuen parte- eta Txirritaren bertsoak (Herri Gogoa, 1976). Horrez gain, Lourdes Iriondorentzat abesti asko ondu zituen Letek. Garai hartan hirurek emanaldi asko egin zituzten elkarrekin.
Bakarkako lehen diskoa 1974an argitaratu zuen, Xabier Lete (Artezi). Lan horretan zeuden, besteak beste, “Ni naiz”, “Nafarroa arragoa” eta “Sehaska kanta” abestiak.
Bertsolaritzatik jasotako eraginez gain, Leteren musikagintzan oso presente egon dira kontu metafisiko, existentzial eta erlijiosoak. Joera hori areagotu egin zen hurrengo bi diskoetan: Kantatzera noazu (Artezi, 1976) eta Lore bat, zauri bat (Herri Gogoa-Ots, 1978). Bi lan horietan Euskal Herriko egoerarekin lotutako afera politiko eta sozialek ez dute horrenbesteko garrantzirik; poetaren esana ezkorrago eta existentzialagoa bihurtu da. Disko horietan daude oiartzuarraren abesti ezagun asko: “Ez dut amets haundirik”, Mikel Laboak ezagun egin zuen “Izarren hautsa“, “Itsasoan urak haundi” (Julen Lekuonarena), “Teologia, ideologia“, “Haizea dator ifarraldetik” eta Leteren abestirik kantatuena, “Xalbadorren heriotzean“.
Lore bat, zauri batargitaratu ostean, kantagintzatik erretiroa hartzea erabaki zuten Letek, Iriondok eta Valverdek, batez ere orduko joera musikal eta politikoekin ez zeudelako eroso. “Aspertua eta gogaitua nengoen kantaldien inguruan eta barruan gertatzen zirenekin. Oso giro makurra zegoen, eta kantaldiak aitzakia bat ziren kontsignak eta esloganak oihukatzeko, ‘Gora Euskaldi askatuta’, ‘Gora Euskadi sozialista’ eta abar. Batzuetan haserretu egiten nintzen, baina hori entzuleek oso gaizki hartzen zuten, eta kantari lagun batzuek ere bai. Beraz, egun batean pentsatu nuen: ‘Aguanta zaitzatela zeuen ama santisimak!’” (1).
80ko hamarkadaren hasieran, politikagintzan ibili zen. Gipuzkoako Foru Aldundian aritu zen, Kultura zuzendari karguan lehenengo eta Kultura diputatu ondoren. Baina 1985ean gaixotasun larria antzeman zioten, eta hurrengo urteotan gogor borrokatu behar izan du gaitzaren aurka.
1991 arte ez zuen hurrengo lan diskografikoa argitaratu: Eskeintza (Elkar, 1991). Lan horretan Jabier Muguruza, Pascal Gaigne eta Karlos Gimenezizan zituen laguntzaile, eta abesti intimista batzuek osatzen dute diskoa. Horien artean dago “Habanera” ezaguna, baita aspaldiko kantu baten bertsio berritua ere: “Haizea dator ifarraldetik”. Hurrengo urtean, Hurbil iragana (Elkar) kaleratu zuen, berriz grabaturiko abesti ezagunenak biltzen dituen lana.
Euskal Herriko abeslaririk garrantzitsuenek askotan baliatu dituzte Leteren hitzak kantuak osatzeko: Mikel Laboak,Benito Lertxundik, Imanolek,Jabier Muguruzak… Halaber, Letek maiz euskaratu ditu miresten dituen poeta eta musikarien hitzak, horietako batzuk sekula grabatu gabekoak: Gabriel Celaya, Cesare Pavese, George Brassens, Lluis Llach, Jacques Brel eta Leonard Cohenenak, kasu.
Bertsogintza betidanik izan zen Leteren zaletasun eta iturri nagusietako bat. 2001. urtean urte luzez ondutako lan erraldoia atera zuen plazara: Berrehun urtez bertsotan(Elkar, 2001), zazpi diskoz osatutako bilduma. Horretan, Xenpelar, Bilintx, Elizanburu, Etxahun Barkoxe, Otaño, Txirrita, Basarri, Uztapide, Xalbador eta Lazkao Txikiren bertsorik aipagarrienak abestu zituen Letek.
Azken grabazioa, Oiartzungo udaletxeko aretoan 2001eko abenduan zuzenean egindakoa, Rainer Maria Rilker poeta txekiarraren Orduen liburua liburutik hartutako poemen irakurketa musikatua da, Karlos Gimenezen laguntza soilarekin egina.
Baina kantaria ez ezik, idazle handia ere bazen Xabier Lete. 1968. urtean lehen liburua eman zuen argitara, Egunetik egunera orduen gurpillean (Hegosa-Cinsa). Horren ondotik, beste bost olerki bilduma eman ditu argitara: Bigarren poema liburua (Gero-Mensajero, 1974), Urrats desbideratuak (GAK, 1981), Biziaren ikurrak (Erein, 1992), Zentzu antzaldatuen poemategia (Euskaltzaindia-BBK, 1992) eta Egunsentiaren esku izoztuak (Pamiela, 2008). Azken horrekin Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen. Horrez gain, antzezlan bat dauka argitatuta, Antzerkia deusetik izatera (Itxaropena, 1977).
2006. urtean, berriz, bere abestiak biltzen zituen liburua eman zuen argitara: Abestitzak eta poema kantatuak (Elkar).Horretan, abestietako hitzez gain, Leteren hitzaurre autobiografiko zabala dago, eta musikariari egindako bi elkarrizketa.
2010eko abenduaren 4an Donostiako ospitalean zendu zen Xabier Lete, urteetako gaixotasun larri baten ondorioz. Haren heriotzak samin handia eragin zuen, eta hurrengo urtean zehar, hainbat omenaldi egin zizkioten Euskal Herri osoan, hainbat musikari, idazle eta bertsolariten parte-hartzearekin. Halaber, heriotzaren lehen urtemugarekin bat eginez, 1999an Errenterian (Gipuzkoa) eskainitako kontzertuaren grabazioa argitaratu zuten, Zuzenean. Errenteria 1999.IX.25. Azken kontzertua (A&M Promotora, 2011) izenburupean. Disko horretan ikusi zuten argia, lehen aldiz, Letek George Brassens eta Jacques Brel-en zenbait kanturekin egindako bertsioak.
Testua: Gontzal Agote