Formatua: CD
Iraupena: 55' 22"
Argi kodea: EO-050
Azala: Aitor Olalde
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Tio Pete estudioa (Bilbo)
SOINU TEKNIKARIA
Jose Lastra, Misifu
LAGUNTZAILEAK
GENEROA
Rocka
Say ama
1994 - Esan Ozenki
Formatua: CD
Iraupena: 55' 22"
Argi kodea: EO-050
Azala: Aitor Olalde
PARTAIDEAK
GRABAZIOA
Tio Pete estudioa (Bilbo)
SOINU TEKNIKARIA
Jose Lastra, Misifu
LAGUNTZAILEAK
GENEROA
Rocka
Ibon eta Gontzal Bilbao anaiek (ahotsa eta gitarra, eta bateria, hurrenez hurren), Karlos Alonsok (baxua) eta Pepek (gitarra) sortu zuten Ama Say, 1991. urteko Aste Santuan. Taldekideetako batzuk aurreko urtean hasi ziren biltzen, El Club del Sexo izenpean, eta maketa bat grabatu zuten lehiaketa batera bidaltzeko. Partaide aldaketa batzuk izan ondoren, 1991n finkatu zen Ama Sayren lehen formazioa. Izena euskara eta ingelesa lotzen zituen hitz joko bat zen, eta taldearen bereizgarrietako agertzen zuen: bi hizkuntzen erabilera, nagusiki euskaraz abesten bazuen ere. Horri lotuta zegoen ahotsa beste instrumentu bat bezala erabiltzeko eta hitzen sonoritatearekin jolasteko taldearen joera. Mikel Laboa zuten eredu. “Abangoardia izan da eta izaten jarraitzen du. Bilatzen dituen doinuak eta ahotsak oso gustukoak ditugu. Oso ausarta izan da beti, eta eskemak apurtzen aritu izan da. Norma apurtzen saiatu da, edukia apurtzen, melodia apurtzen, kontrasteak bilatzen…” (1). Hainbat urte geroago Laboaren omenezko Txinaurriak diskoan parte hartu zuen Ama Sayk, “Ama hil zaigu” kantuaren bertsioa eginez.
1991ko irailean Pepek taldea utzi zuen, eta Txabi Palacios gitarrista sartu zen taldean. Bi maketa kaleratu ondoren, 1992ko udan lehen diskoa grabatu zuten euren kabuz, eta Esan Ozenkiri bidali ostean, Irungo diskoetxeak argitaratu zuen Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen (1992). Berrikuntza ekarri zion Ama Sayk euskaraz egindako rockari, garai hartako AEBetako talde independenteen eraginak bereganatuz: Sonic Youth, Pixies, Yo La Tengo, Dinosaur Jr… Euskal Herrian baziren ingelesez abestuz eragin berberak zituzten talde batzuk, Getxo Sound multzoa osatu zutenak (El Inquilino Comunista, Lord Sickness, Los Clavos…), baina musika hori euskaraz egiten lehena izan zen Ama Say. Karlos Alonsoren arabera, “Beti Mugan-ekin batera agian euskal musikaren esparrua zabaldu genuen. Baina promozioa ez zen izan aproposena. Esan Ozenkiren katalogoan oso arraroa zen Ama Sayren diskoa garai hartan. Estatu mailan adibidez, ez dugu uste gure diskoa guk izan genezakeen entzulegora iritsi zenik, baina guk geuk ere ez genuen inoiz ipurdia gehiegi mugitu gure lana promozionatzeko” (2). Hala ere, lehen diskoaren ale batzuk Frantzian saldu ziren, beharbada Negu Gorriak taldearekin Pauen eman zuten kontzertuaren ondorioz.
Lehen diskoak oso harrera ona izan zuen kritikaren aldetik. Euskaraz entzun gabeko doinuak modu interesgarrian lantzeaz gain, hitzetan ere euskal rockaren barruan ohikoak ez ziren literatur erreferentziak zeuden: Andoni Tolosaren “Gaua” poema musikatzeaz gain, Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan nobela aipatzen zuten “Dream darabil” kantuan, eta Iñaki Mendiguren idazlea zuten gogoan “Lizzik (haltzak badu bihotzik)” doinuan. Halaber, liburuetatik hartutako esaldiz osatuta zeuden kantuetatik asko.
Kontzertuetan taldeak agertzen zuen indarraren erakusgarri, 1994ko apirilean Noiz pop? (Esan Ozenki, 1994) grabatu zuen Gorlizko Xurrut tabernan, sei kantuz osaturiko zuzeneko CD txikia. Grabazioak ez zuen taldeak espero zuen saioa jaso, baina hala ere argitaratzea erabaki zuen. “Kontzertua bi zatitan eman genuen, eta lehena zen grabatu behar zena, baina teknikoari rec botoia sakatzea ahaztu eta noski, ez zen grabatu. Bigarren partea grabatu zen, baina punkyagoa izan zen hura. Nahasketetan ere ez genuen ardura gehiegi jarri eta gauza batzuk desproporzionatuta geratu ziren. Dena den, prestakuntza osoa egin genuenez, argitaratu egin genuen” (2).
1994ko udan grabatu zuen laukoteak bigarren eta azken lan luzea, Say ama (Esan Ozenki, 1994), Jose Lastra soinu teknikariarekin, ohi bezala. Argazkietan ez agertu arren, taldeko beste kide bat zen Lastra, zuzeneko soinu teknikaria izateaz gain kantuetarako ideiak ematen baitzituen. Giro ilun, esperimental eta itogarrietan bildu zituzten disko horretako kantuak, lelo eta melodia kutsagarrietarako joera galdu gabe. Hitzetan erreferentzia literario ugari zeuden (“Papillons noirs”, Pako Aristiren ipuinetako izenburuekin osatu zuten; “Adi Holden” Zekale artean harrapaka (J.D. Salinger) nobelako protagonistari buruzkoa da; Dune (Frank Herbert) liburuan oinarritutako beldurrezko istorio bat da “Beldurrik ez”…) eta baita zinematografikoak ere (“Leolo”). Kolaboratzaile ugari izan zituzten estudioan, tartean Beti Mugan-eko Nagore Santamaria abeslaria (“Beti mugan” taldearen omenezko kantua da), Mikel Kazalis (Anestesia, Negu Gorriak) eta Lino Prieto (Parabellum). Halaber, Joakin G. Picaza gitarristak hiru kantu grabatu zituen. Diskoa kaleratu eta berehala Palacios ordezkatu zuen Picazak. Urte batzuk geroago Ixo taldea sortu zuen Palaciosek.
Lehen disko luzeak bezala, bigarrenak harrera ona izan zuen kritikaren aldetik, eta taldearen zale kopurua zabaldu egin zuen. 1995ean kontzertu ugari egin zituen laukoteak, horietako bat Yo La Tengo taldearekin Gasteizko El Elefante Blanco aretoan. Haatik, taldeak hirugarren diskorako kantuak eginda zituenean, Ibon Bilbaok taldea utzi nahi zuela ikasketekin jarraitzeko azaldu zien beste taldekideei, eta hor amaitu zen Ama Sayren ibilbidea. 1995eko azaroaren 11n eman zuen azken kontzertua, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), Zulo aretoan.
13 urte geroago, 2008. urtean, berriz entseatzen hasi ziren Ama Sayko kideak, eta azaroaren 13an etenaldiaren ondorengo lehen kontzertua eman zuten Bilboko Kafe Antzokian. Karlos Alonsoren ordez, Mikel Gonzalezek hartu zuen baxua, eta Jose Lastra soinu teknikaria ere batu zitzaion taldeari, teklatuak eta programazioak joz. 2009an Bilboko BBK Live jaialdian parte hartu zuen, eta 2010eko udan disko berria grabatzen hasi ziren Ibon Bilbao, Gontzal Bilbao, Mikel Gonzalez eta Joakin G. Picaza. Ren Fan (Bonberenea Ekintzak) 2010eko udazkenean argitaratu zuten. Diskoa grabatu ostean Picazak taldea utzi zuen eta Gorka Molerok (Yakuzi, Non Demontre, Han!) hartu zuen haren lekua.
Bigarren aro honek 2012ko urrira arte iraun zuen. Geroztik taldea geldirik dago.
Testua: Jon Eskisabel